Garoñaren Kontrako Foroaren komunikaua :
Eraispena lehenbailehen eta segurtasunez abiatzea eta Iberdrola-Endesak %100 ordaintzea, biltegi nuklearrik ez egitea eta Europako eta munduko gainerako zentralak ixtea falta zaigu. Bide horretan herritarrak energiak garbiak erostera edo ekoiztera animatu nahi ditugu, ez nuklearra. Eredu energetikoa aldatzeko ordua da!!
Lemoiz ez zen zabaldu eta orain Garoña betiko itxita egongo da. Pozik egoteko eta ospatzekoa da! Urteetako borrokaren emaitza izan da: mobilizazio ugari eta masiboak, instituzioetako posizionamenduak, gizartearen jarrera kritiko orokortua, Iberdrola edo Endesa utzi eta energia berriztagarrien enpresak hobetsi dituzten 10.000tik gorako herritarrak… zorionak denoi!
Garoña betiko ixtea hainbeste lan kostatu izanak sistema politikoan zerbait huts egiten duela agerian utzi digu, ez delako normala azken urte luzeetan herritar eta erakunde publiko gehienek kontra egotea eta gutxiengoan dagoen gobernua eta bi enpresa hauek gu zorabiatzen ibiltzea eta neurrirako legeak eta luzapenak ematea. Eraispenaren jarraipena egiteko herri erakundeek eta mugimenduek osatutako batzorde bat osatu behar da horren lanak ikuskatzeko.
Aurten estatuan egon diren bi enkanteetan ikusi berri dugunez, energia berriztagarriak (eolikoa eta eguzkitikoa) dirulaguntzarik gabe garatuko direla ikusi dugu, hau da, aspaldi esaten genuena argi eta garbi dago: energia berriztagarriak nuklearra, ikatzezkoak eta besteak baino merkeagoak dira. Eredu energetikoa aldatu behar da jada eta horretarako eguzki zerga soberan dago.
Iberdrolak eta Endesak energia nuklearrari zergak jaisteko Garoña presio gisa erabili dute baina 400 milioi euro gehiago gastatzea baino ez dute lortu, momentuz.
Beldur gara administrazioak eman duen ezetz honekin ea Iberdrolak eta Endesak “lucro cesantegatik” kalteordainak eskatuko dituzten. Herriak garbi esan behar du epea agortuta zegoela 2012an eta ez dagokiela eraispena osorik ordaintzea baino. Energia nuklearraren modelo horrekin jarraitu nahi dutenek ordaindu behar dituzte hondakinak eta zentralen eraispenaren %100a, ez soilik energia berriztagarriak erabiltzen dituztenek.
Herritarrei presioa ez jaisteko eskatu nahi diegu, espainiar estatuan beste 7 zentral daudelako eta 60 urtera arte luzatu nahi dituztelako, Europan beste horrenbeste daudelarik. Horregatik, orain, lehen bezala, Iberdrola, Endesa eta energia nuklearra saltzen duten enpresak utzi eta energia berriztagarrien enpresa eta kooperatibetara pasatzera animatu nahi ditugu herritarrak, munduko zentral guztiak ixtea lortu arte.