viernes, 9 de noviembre de 2012

Hydro 2012 konferentzia: mega-hidroelektrikak, Ilisu eta Belo Monte gelditu!

 
GARA Martin Mantxo, Iñaki Barcena Ekologistak Martxan (Zor Ekologikoko Batzordea) 

Bilbon ospatuko den Hydro 2012 konferentziaren karietara, egileek ozen salatzen dute energia hidroelektrikoaren atzean BBVAk urtegien finantziazioan eta Iberdrolak horien kudeaketan duten esku hartzea, hainbat gatazka eta giza hondamendi eraginez. Zehazki, Kurdistango Ilisu eta Brasilgo Belo Monteko urtegi proiektu txikitzaileei erreparatzen diete eta, amaitzeko, proiektuok bertan behera uzteko exijitzen dute.
Ekologistak Martxan-ek salatzen du urriaren 29tik azaroaren 1era Bilbon Euskalduna jauregian antolatu den Hydro 2012 konferentzia. Konferentzia honek eta bere atzean dagoen HydroPower konpainiak energia hidroelektrikoa bultzatzea daukate helburutzat. Energia multinazionalek eta instituzioek hidroelektrikoa berriztagarrien artean sartzen dute (horrela egiten du Ibertrolak, bere berriztagarrien atalean, % 16 dena). Ez du erregairik behar eta ez du isurketarik produzitzen (eraikuntzan izan ezik). Baina denok badakigu bere inpaktuak nolakoak diren, dena urez estaltzen. XX. mendearen bukaeran 50.000 urtegi eraiki dira munduko ia ibai guztiei eraginez. Ingurumenari ez ezik, urtegiek 400 eta 800 milioi pertsonari ere eragin die (eta horiez gain, kaltetuak suertatzen dira beste horrenbeste, baina horrela onartzen ez direnak) -gizadiaren %10!-.
Bilbon Hydro 2012 konferentzia antolatzeko arrazoien artean, bertan Estatuko energia hidroelektriko bultzatzaile handiena dagoela da: Iberdrola, proiektu hidroelektriko desberdinetan 9 bilioi euro inbertitzekoa dena. Bai, eta Iberdrolarekin batera hemen ere BBVA dago, urtegi handien finantzatzailea. Egun, gainera, urtegi proiektu eztabaidagarrienetan sartuta daude: Brasilgo Belo Monte-n, Iberdrola eta, Kurdistaneko Ilisu-n, BBVA. Konferentzia hau ospatzen denean, proiektu hauek gelditzea aldarrikatzen dugu eta, aldi berean, energia ekoizteko era hau bertan behera uztea.
Halaber, energia mota honen eraginez bertan gertatzen diren gatazkak gogora ekarri nahi ditugu. Itoitz eta gero, Esakoa da kasu hurbilena. Artiedako biztanleek ez dute Esako urtegiaren handitzea onartzen, horretarako 60 hektarea behar baitira eta haiek herria utzi beharko dutelako. Oraingoz handitzeko lanak gelditu dituzte, baina azken saiakeretan errepresio bortitza jaso dute, azkena, hain zuzen urriaren 10ean; biztanle batzuk zauritu ziren.
BBVA eta urtegien finantziazioa: BBVAk armagintza (espainiar Estatuan armak gehien finantzatzen dituena) eta ingurumenarekiko hain kaltegarriak diren proiektuak finantzatzen ditu. Azken atalean BBVAk finantzatu dituen urtegi handiak aipatu behar ditugu: El Cajón (Mexiko), Patagoniako Baker eta Pascua ibaikoak (Txile), edo Barra Grande eta Campos Novosekoa (Brasil).
BBVAk bere urtegietan daukan ardura orain beste banku baten bitartez datorkio, Turkian 2010eko azaroan bereganatu zuen Garantibanken bitartez, hain zuzen. Hauxe eta Akbank dira Ilisu urtegia finantzatzen dutenak. Ez besterik, hamabost urte baino gehiagoko beste egitasmo polemiko honek finantzaketa osoa galdu baitu: Erresuma Batuan (2001) eta Alemanian eta Austrian (2009). Arrazoia: eragingo dituen izugarrizko ingurumen, gizarte eta kultur inpaktuak, haien artean, urperatuko duen antzinako Hasenkeif hiria, Kurdistaneko hiriburuetako bat.
Hasankeif hiriak eta haren inguruak UNESCOren irizpidearen 10 puntuetatik bederatzi betetzen dituzte, eta Turkiako Gobernuak Babestutako Eremu izendatu zituen. Duela 11.000 urte eraikia izan zen. 8.000 biztanle inguru dauzka, baina kaltetuak 65.000 izango dira berriz, haraneko biztanleak. Berriz, haietako askok dirulaguntzarik ez dute izango. Dagoeneko hasi dira Hasankeif Berria eraikitzen, baita urtegia ere.
Ilisu urtegia, gainera, Tigris ibaian kokatuko litzateke, Turkiako aldean, Irak eta Siriaren mugatik oso gertu. Tigris ibaiak Irak osoa zeharkatzen du; beraz, urtegiak honen ura murriztuko luke. Turkiako Gobernuak ez du inoiz urtegi honi buruz bertako bizilagunekin eztabaidatu.
Ilisuko urtegia GAPen barruan kokatzen da (Anatolia Handiaren Proiektua). Bertan 2.000 urtegi aurreikusten dira, haietako 22 Kurdistaneko alde honetan (Batan); horietatik 17 dagoeneko eraikita daude. Alde honetan ere, 1984 eta 2000 artean, Kurdistanen gertatzen den gatazka etnikoa dela-eta, hiru milioi pertsonak euren etxeak utzi behar izan zituzten, 3.000 herri suntsituak suertatu ziren eta 30.000 pertsona erailak.
BBVAk oso urtegi handien eraikuntza finantzatu du urteetan zehar, besteak beste, Nayariteko El Cajón (Mexiko), edo hainbesteko iskanbila sortu duten Patagoniako Baker eta Pascua ibaikoak (Txile), edo Barra Grande eta Campos Novosekoa (Brasil). Lehenengoak inpaktu handia izan du, baina handiena gertatzeko dago, jarduera sismiko handiko lurretan oinarritzen baita. Bigarrenek, Patagoniako Baker eta Pascua ibaikoek, horrenbeste kalte eragingo zutenez, ez zuten inoiz ingurumen txostena gainditu. Baina BBVAk, bitartean, finantzatu zituen zenbait urtetan zehar: 400 milioi dolar 2008an, 850 milioi dolar 2004an eta 2.330,36 milioi dolar 2003an. Brasilgo urtegien inpaktuak ere nabarmenak izan dira. Campos Novosekoa Brasilgo bigarren urtegi handiena dugu.
Iberdrola eta urtegiak. Belo Monte-ko urtegia: Energia hidroelektrikoa Iberdrolak ekoiztutako % 20,8a da (2010). Iberdrolak 22 zentral hidroelektriko dauzka Estatu espainolean. Haietatik aipagarrienak azken egunotan Sil ibaian (Galizia) eta Caceresen sortu dituen gatazkak.
Baina zalantzarik gabe, Iberdrolari dagokion gatazka latzena Brasilen daukan Neoenergia (%39) enpresaren bitartez da, hain zuzen Belo Monteko urtegia. Belo Monteko urtegia Amazoniako ibaiadarra den Xingu ibaian eraikiko litzateke. Munduko hirugarren urtegi handiena izan daiteke, Txinako Hiru Eztarriak eta Brasilgo Itaipuren atzetik, 440 kilometro koadro urperatuz (bertan 66 herri eta indigenen 11 eremu daude).
Epaitegiek askotan gelditu dute urtegi hau, 2011ko otsailean 29 betebeharrak ez betetzegatik, edo azkena, abuztuaren 20an. Hala ere, Brasilgo Gobernua, bultzatzen duen industrializazioan eta potentzia ekonomiko bihurtzeko bidean, energia ekoizpen handia bultzatzen ari da eta Belo Monte interes nazional gisa ulertzen du.
H ala ere, erresistentzia ere etengabekoa izan da, eta urtegi proiektu hau 30 urtean zehar luzatu da gauzatu gabe. 2012ko martxoaren 8tik, Brasilgo Gobernuak urtegi honen eraikuntzaren hasiera iragarri zuenetik, erresistentzia areagotu da: ekainean ekintzaileek lan eremua okupatu zuten eta orain urrian indigenek (bertakoek) berriro ere okupatu dute. Hor jarraitzen dute urriaren 8tik eta orain «irtenbide entzunaldi» batean ari dira.
Bitartean, irailean arrantzaleek ere ibaia txalupekin trabatu zuten makinak sar ez zitezen. Urtegia eraikitzen duten langileak ere matxinatu dira!
Neoenergia (Iberdrola) Belo Monte eraikitzeko lehian parte hartu zuten taldeetako bat izan zen. Ez zuen lehia irabazi; Estatu brasildarreko konpainiek osatutako patzuergoa, Norte Energia, atera zen garaile. Dena den, Neoenergia (Iberdrola) onartua izan zen 2011ko martxoan proiektuan. NeoEnergiak Norte Energian parte hartzen du, Belo Monte Participações SA-ren %10i eusten.
Hemendik, hemen egoitza daukaten transnazional hauei eskatzen diegu Ilisu eta Belo Monte bezalako proiektu txikitzaileak bertan behera utz ditzatela eta, ahal duten neurrian, haiek geldiarazteko.

Iberdrolak kalte-ordaina ukatu dio Tupinamba herriari

    De A Planeta / ( MAB ) ( Português ) ( English ) Euskal Herritik (Euskal Herria), Iberdrola energia-enpresaren egoitza eta etxe nagusi...